lunes, 5 de noviembre de 2012

Elorrioko ostera

Kartela ikusi eta, estreinaldian sortu zitzaigun bertigo bera sentitu genuen. Benito, Betagarri, Ruper, antzerkia eta... gu, kartel buru.

Aldrebes hasi zitzaigun eguna baina. Gure "limusinaren" motorra ez zebilen oso santu eta bi kotxeetan egin genuen Elorriorako bidea. Mantxo joan ere (ia beti bezela...)
Gure zai zeuden topaguneko adiskideak (esker mila Oihane eta konpainia, danagatik). Ensaioa ederki irten zen. Anartz, gure argi teknikariak, diseinu berriak zituen buruan eta orrian idatziak. Errimak eta oinak ere, argi ezberdinekin ikusi nahi baitugu emanaldiro.

Dena prest utzi genuen. Arriolako kamerinoetan, azken ikutuak eta ukituak.... Herrikoan ere, ogitartekoak (solomoa gaztakin bezelako sinplerik ez zen bertan) eskatuak zeuden emanaldi osterako...

Aurkezpen textua irakurri zuten Itziar Ituñok, egoki eta txukun. Argi askorik ez zuen behar...
Publikoa, kanpoko giroa bezela, hotz. Eta horrek ere, gure giharrak hoztu dizkigu. Hoztu horrek, puztu egin gaitu baina... eta puzte horretan, joan zaizkigu hankasartzerik. Baina... zilegi da. Izango ez da ba. Bertsolaritzan oinarritzen den dantza emanaldia da gurea... eta, bapatekotasunak badu lekua. Batzutan, aurreikusitako uneetan jarduten gara bapatean... eta bestetan, bapatean jarduten gara pentsatzen ez dugunean ere.

Baina, ikasi egiten da halakoetan... eta gustora irten gara Arriolatik. Iluntzerako, hego haize epela ere sartu baita Arriolako ateetik. Hego haizea, publikoaren esku zartetan sentitu dugu baina. Oin eta errimek, izango zuten hego haizetze horren errurik?

Osterak ostera...Anbotopetik, Mariren sorginkeriaz sinisten hasita gaudela pentsatu genuen Elorriotik bueltan...

No hay comentarios:

Publicar un comentario