martes, 23 de octubre de 2012

Babarrunetan dantzan

Tolosako Leidor areto ederrean genuen zita urriaren 19an.
Tolosako kaleetan, "errimak oinetan"eko kartelak ikusten genituen hauteskundeetakoekin nahastuta. Gure karteletan ez da bozkarik eskatzen baina. Ezta esaldi panposik, ez da promesik... gure kartelen bidez, errimak eta oinak besterik ez ditugu eskaintzen. Errimen eta oinen arteko uztarketa landua da gure promes bakarra. Gu ondo pasatu asmoz igotzen baikera oholtzara... eta modu horretan bakarrik, goza lezake parekoak.

Eta parean, lagun mordoa bildu zen. Etxean bageunde bezela jardun ginen.
Tolosa eta Tolosaldea dantzazalea dela bagenekien. Ia bertsozalea bezain bat. Eta ederki sumatu genuen bertaratu zirenen beroa, txaloa...

Oholtzako aurre prestakuntzak egin ondoren, kamerinoan bukatu genituen emanaldi aurreko danak. Azken ensaioak, azken probak...
Finean, emanaldiak oinarri bat du, baina emanaldi  guztiak ezberdinak irten dira. Ezberdintasun zenbait, ez-ustekoak izan arren, gehienak ondo pentsatuak daude. Bertsoaldi guztietan, saioz saio, bada urrats berri bat, bada keinu bat. Emanaldi honek zeozer badu, hitzek duten esanahia aldioro berritu egiten dugula da. Textuak, modu ezberdinean eragiten gaitu emanaldi bakoitzean. Ez da emanaldi itxia gurea. Ez dago dena lotua. Edo... hobe esanda... dena dago lotua, modu askean.

Gustora goaz Leidorretik, ederki zaindu gaituzte bertako teknikari eta Tolosako udalekoek.
Bertaratutakoen zorion mezuak, luze iraun zuten saio ostean. Kosta zitzaigun Leidorretik irteten. Ez genuen irten nahi gainera. Baina irten beharra genuen. Zorion mezuen aparretan... edo, hobe esanda, babarrunetan irten ginela esan beharko dugu. Goxoa joan baitzen emanaldia... baina emanaldi ostekoak ere, barruak ondo eragin zizkigun. (zentzu onean, noski!)




No hay comentarios:

Publicar un comentario