domingo, 10 de febrero de 2013

Trintxerpe, txikian haundi!

"Hau da dantzatu behar dugun lekua?" izan zen gure lehen galdera. Galdera horrek baina, ez zuen kezkarik sortzen. Ez zen gure ohiko lekua, gure ohiko neurriak, gure ohikoa... baina errimak oinetan emanaldiak zeozer badu, ohikoa ez dela da.

Arratsaldeko bostetarako genuen zita ordua, ihauterietako ostirala zen, ostiral hotza!
Trintxerpeko euskaltegiak, euren kultur aste oparoari bukaera emateko ginda zen gure emanaldia. Emanaldia bidenabar, omenaldia ere izan zen. Euskaltegian, urteetan irakasle izan den Jose Manuelentzat.
Omenduak baina, ez zuen omenduaren paperik bete. Gu bertaratzerako, bertan zen gure zai eta emanaldiaren girako guztia prestatzen. Emanaldiarekin batera, berak imaginatzen ez zuen omenaldia prestatzen ari zen bidenabar.

Beroketa eta ensaioa egin ostean, alkateordearen bulego ondoko bilera gela izan da gure aldagela. Bertan, luzatu, berotu, makilatu eta orrazketa lana egin ditugu. Laka hemen eta giharrak berotzeko krema han. Eta bitartean, jendea sumatzen genuen eskaileretan gora.

Zazpietarako eman diogu hasiera. Jende artetik dantzan hasi gara beti bezela; kostata iritsi gara oholtzara baina. Aulkiz betea egon arren, jendez betea zegoen. Kanpoko giro hotza ederki disimulatu dugu barruan. Bero zen bertan; baina ez termometroak neurtu lezakeen bero klase hori bakarrik. Bertaratutakoak, bero hartu gaituzte eta gure oin eta errimen bidez, berotu ditugu bertakoen azal eta barruak.

Oholtza eta areto txikian, gure dantza sumeak bestelako dimensioa hartzen du. Finean, ez dugu ezer berezirik behar. Bertsolariak bezala, dagoenera egokitzen den emanaldia da gurea; eta asmatzen ari gara.

Bukaera berezia eman zaio emanaldiari. Gutxik espero zuten aurresku kantatua dantzatu du Onintzak. Onintzak, Joxe Manueli. Alabak, aitari.

Trintxerpeko areto txikian, ederki sentitu gara. Gure txikian, handi. Esker mila Euskaltegiko kide denei eta batipat, Joxe Manueli. Gu horren ondo mimatu eta batipat, urteetan euskaltegian (ere) egin duen lanagatik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario